Volgako Bulgaria
Volgako Bulgaria Volga–Kama Bolğar | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
VII. mendea – 1240ko hamarkada | |||||||
Monarkia | |||||||
Volgako Bulgaria XIII. mendean. | |||||||
Geografia | |||||||
Hiriburua | Bolghar Bilär | ||||||
Kultura | |||||||
Erlijioa | Tengrismoa, gero islama | ||||||
Historia | |||||||
|
Volgako Bulgaria, Kamako Bulgaria edo Bolgar VII. mendea eta XIII. mendea bitartean Volga eta Kama ibaien elkargunearen artean, gaur egungo Errusian existitu zen estatu historiko baten izena da. Gaur egun, Tatarstan eta Txuvaxia errepublikak hartzen dira bere oinordeko bezala lurralde eta etnia arloetan.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Volgako Bulgariari buruzko lehen eskuko iturriak oso urriak dira, bulgariar erregistroak eurak ez baitira mantendu. Informazio gehiena arabiar, persiar eta errusiar iturri garaikideetatik dator, indusketa arkeologikoetan lortutakoaz gain.
Volgako Bulgariaren lurraldea jatorrian ugrofinlandiar jatorriko jendeak populatu zuela uste da. Bulgariarrak toki honetara 660 inguruan iritsi ziren, Kubraten semea zen Kotrag khanak zuzendua. Hala ere, bulgariar triburen batzuk mendebaldera bidaiatzen jarraitu zuten, eta zenbait gertakariren ondoren Danubio ibaiaren inguruan ezarri ziren, gaur egun Bulgaria deritzonean, non eslaviarrek xurgatu zituzten edo hauekin nahastu ziren, eta non hegoaldeko eslaviar hizkuntza eta ekialdeko fede ortodoxoa hartu zituzten.
Aditu gehienek Volgako Bulgariarrak hasiera batean jazariar inperioaren basailu izan zirela diote. IX. mendearen uneren batean tribuen bateratzearen prozesu bat hasi zen, estatu egitura bat finkatuz, Bolgar hiriburu bezala zuena, egungo Kazanetik 160 kilometroko distantziara dagoena. Hala ere, aditurik gehienek ez dute uste bulgariar estatu primitiboa jazariarrengandik erabat independentea zenik azken hauek Sviatoslav I.a Kievekoak 965ean suntsitu zituen arte.
Bulgariar tribu ezberdinen batasuna lortzeko, jazariarren aurkako bere guduetan aliatu boteretsu bat lortzen saiatzen ari zen aldi berean, Amas knanak Al-Muti Abbastar kalifari Korana ezagutzen zuten eta euren lurraldean meskitak eraikitzeko gizon eledun eta erlijiosoak eskatu zizkion. Honela, 962ko maiatzak 11n knanak Bagdadeko ordezkaria zen Ahmad ibn Fadlan hartu zuen, lau egun beranduago islama bulgariar estatuaren erlijio ofizial bihurtuz.
Oparotasun garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdeko biztanleriaren zati handi bat turkiar jatorrikoa zen, horien artean suarrak, barsilak, bilarrak, baranjarrak eta burtarren zati bat. Egungo txuvaxiar eta Kazango tartariarrak Volgako bulgariarren oinordeko dira, ebidentzia linguistikoek txuvaxiarrak etnia turkiar antzinakoagoak direla iradokitzen duten arren, hunoekin lotuta egon daitekeena. Gainontzeko biztanlerian finlandiar zein magiar jatorriko tribuak zeuden (asagel eta paskatir), dirudienez, bisërmanak eta tartariarrak hauengandik datozelarik.
Volgako Bulgariako liderrak iltäbär edo elteberra zen, islamizazioaren ondorioz sheij edo jeke izena jaso zuena. Horien zenbait izen ezagutzen dira, Almış (Almas), Mikail bine Cäğfär (Mikaul ibn Jafar), Mö'mim bine Äxmäd (Mumin ibn Ahmad), Mö'min bine âl-Xäsän (Mumin ibn al-Hasan), eta Talib bine Äxmäd (Talib ibn Ahmad) kasu.
Volga ibaiaren erdialdeko ibilgua kontrolatuz, bulgariar estatuak zabalki kontrolatu zuen ekialdeko Europa eta Asiaren arteko merkataritza Gurutzaden aurretik, merkatari-ibilbide berriak posible egin zituztenak. Hiriburua, Bolgar, hiri oparo bat zen, islamiar munduko hiririk garrantzitsuenen pare zegoelarik tamaina eta aberastasunaren arloan. Bolgarren merkatari-bazkideen artean iparraldeko (Bjarmaland) bikingoak, Yugra, eta nenet tribuak iparraldean, Bizantziar Inperioa eta Bagdad hegoaldean, eta, azkenik, mendebaldeko Europatik Txinaraino zeuden. Beste hiri garrantzitsu batzuk Bilär, Suar (Suwar), Qaşan (Kashan) eta Cükätaw (Juketaw) izan ziren. Egungo Kazan eta Yelabuga hiriak Volgako Bulgariako mugako gotorleku bezala sortuak izan ziren. Beste hiri batzuk errusiar iturrietan aipatuak dira, oraindik topatu ez diren arren. Hau da Aşlı (Oshel), Tuxçin (Tukhchin), İbrahim (Bryakhimov) eta Taw İleren kasua. Horietako batzuk Volgako Bulgariaren mongoliar inbasioan (1223 eta 1236-1241) suntsituak izan ziren.
Mendebaldeko printzerri errusiarrak izan ziren benetako mehatxu militar bakarrak bulgariar erresuma existitu zen bitartean, XI. mendean suntsitua izan zena zenbait errusiar erasoren ondorioz. Ordutik eta XIII. menderarte, Vladimirreko gobernariek (bereziki Andres Errukitsuak eta Vsevolod III.ak, euren ekialdeko mugak defendatzeagatik irrikan, sistematikoki arpilatu zituzten mugako bulgariar hiriak. Mendebaldetik zetorren presio eslaviar honen ondorioz, hiriburutza Bolgarretik Bilärrera pasa zen.
Gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1223ko irailean, Samaratik gertu, Gabdula Txelbir knan-xeikeak Gengis Khanen armadaren abangoardia mongoliarra garaitu zuen, Uranek gidatutakoa, Subotai bagaturraren semea zena. 1236an mongoliar armada berriz itzuli zen, bulgariar erresumaren barneko borrokak probestuz, herrialde osoa bost urtetan menperatuz, une horretatik aurrera Ghengisen seme nagusia zen Jotxiren ulussaren zati izatera pasa zena, beranduago Urrezko Horda bezala ezagutuko zen lurraldea. Herrialdea zenbait printzerritan banatua izan zen, horietako bakoitza Hordaren zuzeneko basailu zelarik, eta pixkanaka geroz eta autonomia handiagoa jasoz. 1430etik aurrera, Kazango khanerria nabarmendu zen printzerri hauen artean garrantzitsuena bezala.